XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Interpretatu irudi hau aztertzen ari garen irakurketaren testuinguruan.

1. Merkatu-politika eta aberastasun-banaketa

Merkatu-politikan oinarrizkoena, produktuak produktuez eta zerbitzuak zerbitzuez trukatzea da. Lanaren banaketa kontuan izanik, gizabanako bakoitzak ezin ditu behar dituen salgai eta zerbitzu guztiak produzitu, baina produzitzen duen horretatik berak behar duena baino askoz ere gehiago egiten du: soberakina trukatu egiten du. Objektu bat fabrikatuta, beste bat lortzeko aukera sortzen da, baina merkatuak krisirik izan ez dezan kontsumitzaileen eskaria zein den jakin beharra dago.

Sistema kapitalista ezarri zenean, lan alokatua salgai bihurtu zen; erosi, saldu eta merkatuan kontratatu egin zitekeen. Lan-eskaintza eskaria baino handiagoa denean, soldataren prezioak behera egingo duela iragar daiteke. Normalean beherako joera hori sindikatuek (eta batzuetan gobernuek) parte hartuta zuzendu egiten da, baina orduan lan-kontratazioa bere merkatutik kanpo ateratzen da (merkatu beltzera, ezkutuko ekonomia...).

Kapitalismoaren globalizazioarekin, sistemaren barnean hartutako edozein neurrik razional eta bideragarri kontsideratu ahal izateko produktibitatea eta lehiakortasuna hobetu behar ditu. Norbere produktuak merkatuan saltzeko ahalmena hobetzen ez duen ezer ez da bideragarria, noski. Horregatik, gizarteko edo gizakien arazoak konpondu nahi direnean nahitaez beti bete behar da kapitalaren irabaziak areagotzeari oztopoak ez ipintzeko baldintza.

Gure ingurura begiratuta, gizateriaren zati handi bat oinarri-oinarrizko gauzarik gabe bizi dela ikusten da. Premia asko dago estaltzeko eta produzitzen ez duten baliabide asko ere bai, baina hala ere, sistema kapitalista irrazionalak lana ondasun urria dela sinestarazi nahi du. Sistema kapitalistaren logikaren arabera, enpresarioak dira lanpostuak sortzen dituztenak, baina ez da pentsatzen agian langilea dela enpresarioa sortzen duena.

Zer, nola, noiz eta non produzitu badirudi enpresarioaren esku dagoela eta horrela gizartean metatutako aberastasuna nola erabili erabaki dezake. Ekonomikoki neoliberalismoa kapitalismoa berpizteko gauza izan ez bada ere, gizartearen arloan oso gizarte desberdinak sortarazi ditu. Izandako arrakasta ideologikoa eta politikoa, bere printzipioen ordezkorik ez dagoelako ideian oinarrituta lortu du. Beraz, alde zein kontra daudenek horren arauetara makurtu beharra dute.

Egoera orokor horren ondoan, gero eta ugariagoak dira arrazoi ekonomikoengatik lan-merkatuarekin zerikusia duten migrazioak. Migrazio ekonomikoak, koalifikaziorik behar ez duten lan arriskutsu eta osasungaitzetarako eskulan merkea edukitzea esan nahi du. Inmigrazioak bi alderdi ditu: inmigranteak batetik, premiagatik etortzen dira, eta bestetik, guk lan zikinak egiteko horien premia dugulako. Finkotasunik gabeko soldatapekoak dira, lekuz eta lanbidez aldatzeko prest daudenak... Gainera langile hauek produkzio-sistemaren barrutik kanporatzen dituen joera ikusten da.